Pilotua ala kopilotua izango zara? Zer nahiago duzu?
Gauza txikiek betetzen naute; izan ere, lorgarriagoak dira. Handien esperoak sarritan desilusioa eta frustrazioa dakartza bueltan.
Handiak ere txikitik hasten direla sinetsita nago: astelehen gogaikarri, aldatsgora astunari buelta ematea lortuz gero, aste elegantea izan liteke, hilabete eramangarria, urte fenomenala.
Urtarrilean bertan hasi naiz, ez naiz udari begira egongo, egun berezia noiz etorriko… Umetan amak askotariko galletak bisitentzako gordetzen zituen. Orain edozein momentu egiten dut berezi, ahoa askotariko galletez betez. Aspaldi erabaki dut geure esku dagoela egunari berea ematea; patua geuk erabakitzea ahal den neurrian, ezeren agindupean egon barik.
Gaztetan, oherako orduan eguna ondo amaitzeko estrategia hauxe nuen: gertaera gozo bat buruan gordetzea.
Akordu hori izan nuen Urdaibaiko Guggenheimik ez genuela izango jakin nuenean.