Zenbakia

Erabiltzailearen aurpegia Maite Euba Areitioaurtena 2025eko azaroaren 21a

Kopurua, urteak, zenbakia baino ez dela askotan entzun izan dut eta sarritan trabes ere begiratu diot esatariari sinesgarritasun eza adierazi nahian.

Baina bai sinisten dut pertsona interesgarriak daudela edozein adin izanda ere. Zuztarbako gaztea nekez egingo da heldu, zahar erakargarria. Baina gazte interesgarria zahar interesgarriagoa egitea litekeena da. Izan ume, nerabe, gazte, zahar, neska, mutil, gizon, andra…daukana da, esateko daukana da baliagarria. Ez ditzagun baztertu zenbaki hutsak jakin barik barruan daukatena. Ez ditzagun hauspotu zenbaki eder hutsalak! Sinesten dut entzuten dudanean maitasunak ez duela adinik. Nik esango nuke pertsona interesgarriek ere ez dutela adinik. Horregatik iruditzen zait aberatsagoa talde koloretsuak sortzea eta ez aparkaleku grisak. Interesgarriagoa, aberatsagoa eta batez ere zoriontsuagoa iruditzen zait umeak, gazteak eta zaharrak nahastean ikustea komunitate berean eta ez sailkatuta adinaren arabera. Ez dut sinisten ezagutza guztia Interneten dagoenik. Adimen artifiziala etxeko egin dugun sasoi honetan ez dut sinisten “dena” erakutsi diezagukeenik. Ez dut nahi gainera berak erakusterik. Nik behintzat nahiago dut beste batzuekin konpartitu, eztabaidatu, iritziak alderatu, eta, bai, elkarrekin eta elkarrengandik ikasi. Ni portzierto, 64 naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!