Bidaien arteko bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Maite Euba Areitioaurtena 2025ko ira. 26a, 08:47

Ospakizunetakoak, lanekoak, laburrak, luzeak, bereziak, astunak, hunkigarriak… Zenbat buru hainbat bidaia mota esan liteke. Sarritan estres eragileak ere bai. Zirraragarriak gehienetan, itxaropentsuak zenbaitetan…

Egiten ditugun bidaiak egiten ditugula, aurretik ondo antolatuta edukitzen ditugu asko; horra hor prestaketaren emozioa eta bidaiaren hasiera; non, zer, nola, noiz eta norekin egin. Edo ezinegona eta urduritasuna ere eragin lezake, agian.

Beste bidaia batzuk tupustean agertzen dira, ezustean, guk programatu barik, bai ala bai egin beharrekoak aurrera egingo badugu. Izan familian, lagunartean, izan Gazara laguntza behar dutenentzako bidaia.

Zer desberdinak diren batzuk eta besteak! Aisialdian, gozamenean, mundua puntarik punta zeharkatzean oinarritzen dira programatutako asko. Besteak, ostera, ezustekoak direnez, euren gozamena eta zoriona lortutako emaitzetan antzeman beharko ditugu.

Badute baina komunean denek zerbait: bidaia ondo amaitzea gura dugu denok. Bakoitzak aukeratu edo egokitu zaion ibilbidearen amaierara ondo, pozik iritsi. Horrexetan nago hegaldiari begira nagoen bitartean. Zenbat egongo zareten nor bere bidaia egiten!

Batzuetan bakarrik gozatzea gustatzen zaidan arren, horrelakoetan nahiago lagun onak alboan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!