Ez gabiltza ondo

Institutuan eta unibertsitatean ketan ematen genituen klaseak. Gaur, berriz, eskuak burura eramango genituzke. Etxean bospasei edukiontzi erabiltzen ditugu birziklatzeko. Orain urte batzuk pentsatu ere ez genuen egiten horrelakoetan.  

Badakit denok ikasi behar izan dugula egokitzen sasoi berrietara. Eta hala ere, ez ditut gaurko hainbat ohitura aldaketa ulertzen, beste asko txalotzen ditudan arren.

Gaztetan txakurra eduki nuen. Perla da gure katua. Etxeko abere eta pizti zalea naiz. Baina benetan ematen diegu behar duten zaintza eta errespetua etxe-abereei? Ondo zaintzea umeen lekua egokitzea ete da? Maskoten kopuruak gora egin du nabarmen, eta, jakina, gure inguruan paisaia guztiz aldatu da. Eurentzako parke propioak jolas daitezen, denda ugari: janari, jostailu, arropa eta abarrez hornituta; albaitari, psikologo… merkatu berria ekonomia suspertzeko. Ordainetan, kale ertz guztietako usain sarkor fosilizatua.

Ez dut ulertzen zelan litekeen gero eta arazo gehiago izatea gure zaharrak zaintzeko, eta etxeko erregin-erregina egitea egun batetik bestera zelofanez batuta jaso dugun azken oparia, izan txakurra, katua, paita edo auskalo zein hurrengo. Ez gabiltza ondo edo agian ni neu ez nabil ondo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!