Esango nuke ez dagoela %100 emateko gaitasuna duenik; asetuko zaituenik/dugunik bizitzako arlo guztietan. Zenbat kalte egin duen horretan maitasun erromantikoak. “Azukre koskorra” aurkitzean betiko zorionean urtuko ahal zara! Horretara arima bikia aurkitzen ez duena betiko erren geratuko ei da. Bestalde, zenbat lan batentzat bakarrik! Askoz hobeto lana banatzea, ezta? Anitza edo ugaria izateak eta elkarbanatzeak onura baino ez digu ekarriko. Lagunez, familiaz eta abarrez inguratuz gero, bizitza aberatsagoa edukitzeko parada ezin hobea dugu.
Ni behintzat ez naiz %100 ez ezertan ez inorentzat eta ez diot inori tamaina horretako zamarik jarriko. Pentsamendu horrek sarritan eztabaidak eta disgustu txikiak ere ekarri dizkit. %60 eman dizut eta zuk %30 baino ez. Denok ez dugu berdin behar izaten. Zilegi da. Elkarri ematen dioguna ematen diogula, gustura eta lekua egiten diogunean horixe izango da ehunekorik interesgarriena. Zati handia zein txikia izan, benetakoa bada bejondeizula!