«Zer egiten duzue zuek pilatutako frustrazio horrekin guztiarekin, haserre hotz honekin, zer egiten duzue ekoiztea eta lan egitea beste aukerarik ez izateak eragiten dizkizuen amorruarekin eta etsipenarekin? Non gordetzen dituzue, nola eusten diezue dena gelditzeko eta ordenagailua ixteko edo landa-eremura alde egiteko gogo horiei, zer saretan harrapatzen dituzue eta zer arpoirekin lotzen harik eta lehertu eta zuen aurka matxinatzen diren arte? Zenbat denbora ematen duzue pantailan gora eta behera, zenbat bideo ikusten dituzue, zenbat anestesia behar duzue une batez pentsatzeari utzi eta maitatu nahi zenuten baina azkenean gorrotatzen duzuen bizitza honetatik ihes egiteko? Eta zer egingo duzue igande gau batean, lanik egin gabe bizitzen ez dakizuela ohartzean, gainera etorriko zaizuen tristurarekin, zer egingo duzue konturatzen zaretenean zuen bizitzari forma ematen dioten ohitura eta erritmo bakarrak lanak ezarritakoak direla?».
Sartu hemen zeure erantzuna: _______________ . Erantzun zuzena zein dan zalantzan bazagoz, aukeratu ondokoen artean, a) erantzun bakarra, edo b) erantzun konbinatua. Lana utzi. Ogia egiten hasi. Eta kontserbak. Euriari begira egon. Luze. Denboren kudeaketa errebisatu eta irauli: bizitza, atsedena, lana. Kaleak erre negua heldu aurretik. Ez itxoin dorreak jausi arte. Iraultza, iraultza, iraultza. I. R. A. U. L. T. Z. A.
Hari-kuarteto bat entzuten da altabozetatik: urria aurreratu den honetan, Tafalla koloreko egun batez, mintza gaitezen pendiente ditugun egitekoen zerrenden zerrendez, sutan diren hiriez, edo...