Euskararen udaberria

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2026ko maiatzaren 15a

Euri osteko asfalto hezearen usaina hartzen du aireak egunotan eta polena ikusi egiten da etortzen eguzki argitan. Korrika zoaz kapitalaren periferiako herri baten kanpo alderantz, ostadar bikoitz baten azpian: tipi errepidea, tapa supermerkatuak, tipi fabrikak... Eskumuturrean dardara: 3 kilometro erlojuan, ekin! Bi ume arrazializatu parean eskutik helduta, eta elkar gurutzatzearekin batera hasi duten kantuarekin egin du eztanda fikziorik bako errealitatearen udaberriak: Maitasun eskutitz baten bide luzea, Xiberutikan Mendebaldera... %10en bueltakoa da hemen euskararen kale erabilera, halere, ba-ga-ra.

Bilbon are txikiagoa da hizkuntzaren paisaia sonoroan euskarak duen tasa, baina maiatzean talde terapia saio bat euskaraz egiteko aukera eskaini dizute. Zentroak erabaki du euskal hiztunoi boterea ematea euskararik ez dakienari betoa jarri eta gure hizkuntza eskubideak bermatzeko. Euskaraz izango da asteburuko tailerra.

Eta ehunka herritar gara errenta aitorpena gure hizkuntza gutxitu honetan egiten, beste ehunka Eusferak aktibatu eta Euspazioak martxan jartzen, ehunka euskaltzale «Euskaraz bizitzeko behar den dena» eskatzen, ehunka gazte desobedientziaren bidea kolektiboki aldarrikatuta azterketak euskaraz egingo dituen belaunaldia gorpuzten.

Dardara berri bat dator datorren astean: 2.175 kilometroren biharamuneko Korrikaren 12. eguna, 65 mintzodromo antolatuta Euskal Herrian euskara gehien hitz egingo den eguna.

Gertatzen ari da: fabula argitsu bat, garai ilun batentzat. Urtaro berri bat piztu dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!