Zarraparra

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2026ko otsailaren 20a

Autobusean bi ilara aurrerago doanaren aharrausiekin hasi da dena. Ahoa zazpi aldiz zabaldu du 15 minutuko bidean. Ozen eta hasperen mota ezberdinez lagunduta —iruntsi nahiko balu bezala munduarekiko goizeroko dezepzioa, ahokada bakoitzean dosia jaitsiz—. Ai, maitia! Ai, bizitza!

Lantokiko sarrerara heltzen den bide alboko dekorazio berdea mozten ari dira bi gizon, ezpel hostodun forma borobileko hesien mantentze-lanetan —esanez legez izadiari, "Ez zaitez gure bidera atera, zaude hor guk nahi modura"—. Brrrr brrrr brrrr brrrrrrrrrrrr. Bulegoko atearen bestaldetik ere entzungo dituzu makinak beste pare bat orduz.

Su alarma testatzeko eguna dela esanez datoz hamaiketakoaren aurretik. Ze zarraparra dabil gaur? Pasillo jendez bete eta aztoratuak ez du erantzunik. Komunean hartu duzu babes —antzeman ote daiteke barnean sutzen zaigun su bakoitza? Nola ematen zaio su suari?—. Ea nor den hemen zentzuzko ezer idazteko gai!

Tabernako kafe eta pintxo baten oasi bila abiatzea izango da onena. Abrigoa, aterkina eta "Gero arte!". Bakerik ez. Ilusioa azukre poltsa zabaldu aurretik diluitu da: sirena. Zerbait potoloa izan dela jakiteko lain entzun duzu —larritasun batzuek dena hartzen dute—. Anbulantzia hotsa tortilla eskatzetik azken ogi apurretaraino, eta platera barrara itzultzean ere oraindik han.

Ordenagailura bueltan trastearen haizagailua ere batu da kirrikara —zeren seinale da distortsio hau dena?—. Lankidea listua irensten ere aditzen duzu —tragatu ezin direnen markak nolakoak ote dira faringean?—.

Eta... dena isiltzean zer? Kiroldegi publikoan zapatilak jantzi orduko play —Putas amak, zintan korrika eusteko anfetamina—. Euria ari du kanpoan, sutan sabela. Egun batzuek zarata handiegia dute. Patuari fuck you egitera, hemen gera...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!