Txati

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2025eko abenduaren 5a

Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, 100 ikasletik gora daude aurten komunikazio ikasketak egiten hasi den euskarazko bi taldeetako baten. Kazetaritza hautatu dute batzuek, Ikus-entzunezko Komunikazioa ala Publizitate eta Harreman Publikoetako gradua beste batzuek. Haiekin dut hitzordua astelehenero, eta maite dut gazte begirada bizi horien distira.

Lehen mailako oinarrizko ikasgaian, astero zabaldu dugu ezagutza pilula berri bat: komunikazioaren oinarrizko baldintza zein lehengai den hizkuntza, etimologia eta definizioak, teoria nagusi batzuk, marketina, publizitatea, erakunde komunikazioaren trikimailuak... eta, bonus track, adimen artifiziala.

Zuk zein erabiltzen duzu? Haiek Txati.

Nola da posible orain arte inoiz ez dituztela landu pentsamendu konputazionalaren oinarriak, loro estokastikoak, ezagutza sakona eta hizkuntza-eredu handiak, alborapenak, edo AA sortzailearen zein orokorraren bilaketak dakarren histeria eragiten ari den estraktibismoa? Eta hori baino sinpleagoak ere: nork eta noiz azalduko die denek darabilten ChatGPT kontuaren erabiltzaile aukeretan sartu eta haien datuekin makina ez entrenatzeko aukera klikatzeko botoia eskura dutela? Edo euskaraz ere haietako asko bezain ondo, apika hobeto, mintzo dela?

Ikasle eta herritar kritikoak nahi dituen herriak behar ditu baita halako irakasleak, baina ezin da ardura hau norbere aukeraren mende geratu.

Sortu ditzakegu nahi beste dokumentu adimen artifiziala noiz eta nola erabili behar den adierazteko, edo amaituko dugu ebaluazio tresna analogikoetara bueltatzen, baina, bidean, armatuko al dugu belaunaldi hau tresnak erabiltzeko behar duten alfabetatze digitalaz? Bestela Txatik egingo du eta, gero, emaitza ez zaigu gustatuko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!