Itzali eta piztu

Pizkundea.

Asteon, ustekabean, argindarra joan da gure herrian. Ez bakarrik hemen, baita atzerrian ere: Espainian, adibidez. Kolapso energetikoa esan dute irratian. Bizpahiru orduko itzalaldia. Aski eguneroko zurrunbilotik ateratzeko. Hankaz gora astelehena. Betaurrekoak aldatu behar derrigor, eguerdiari beste begirada batekin begiratzeko.

 Ordutik ametsak ere espero ez dituzunekin beteta datoz: osorik emakumeek osatutako gobernu bilkura egin da gertatutakoa argitu eta arduradunei dagozkien erantzukizunak eskatzeko. Elektrizitate korporazio handien diru-gosea legez kanpo utzi dute. «Fenomeno meteorologiko arraroak» eta «oszilazio termikoa» bezalako eufemismoak debekatu zaizkio botereari, erakunde zientifikoen jardunari eta klima aldaketari lotuta baino ezingo dira erabili aurrerantzean. Salbuespen bakarra: herritar xeheak inolako murrizketarik gabe baliatu ditzake berbak. Aberatsak jokoz kanpo geratu diren astearte batean munduratu baikara pertsona libreak. Ez dago pobreziarik, inor ez da mespretxatua bere azal kolorearengatik edo kontu korronterik ez edukitzeagatik. Poliziarengatik babesteko kitak bidali dizkigute, agente guztien berrasmatze profesionala inplementatu eta komisariak desagertu arteko behin-behineko neurri gisa. Asteazkenerako hutsik dauden etxeen jabeak bidali dituzte zubipera, eta aterperik gabekoak ez dira gehiago etxerik gabe biziko. Atzo, ezustean, pentsiodunen batzar batean desegin dute kapitalismoa, eta gaur ekonomia zaintzan eta elkartasunean oinarritzen da. Planeta berreskuratze bidean da.  

Zer gehiago pasatuko da bihar?

Histeria itzali eta historia piztuko duen korronte inbertsorea behar dugu, energia ez-estatikoa.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!