Urdaibai Bird Center hegaztien ikerketa-zentroaren katalogoan ez da ageri. Ez da izango, beraz, Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz egingo den entzute prozesuak bilduko dituen 1.000 lekukotzetako bat.
txio
Elur bola teknika jarraituko da laginketan; hau da, kontsultatuko den lehen pertsonak esango du hurrengo norekin hitz egin. Diseinu horrekin ezin da bermatu parte hartuko dutela eskualdeko euskaldunek, edo Gernikako umeek, edo Busturiako jubilatuek, edo proiektu nazional bat izanda iparraldeko kultur eragileek, edo eremuaren bioaniztasuna aztertu dutenek, edo egin asmo den museo horretako komunak garbituko dituzten emakume etorkinek.
txio-txio
Detaile bat: ia-ia azpimarratuta aipatzen da New Yorkeko Columbiako Unibertsitatearen gidaritzapean egingo dela prozesua. Wow, that's great! Euskal Herriko Unibertsitateak izatea eginkizun hori bai erokeria, ezta? Insane!
txio txio txiiiiio
Beste detaile bat: kontakizunak bilduko dira, pertzepzio patroiak identifikatu, baina batutako informazio hori guztia ez da loteslea izango. Hemen da «dena herriarentzat baina herria gabe», a new version.
txio
Jendea entzungo da beraz elementu komunak identifikatzeko.
txio-txio
Itzulpena: marketin kanpaina bat egin nahi da familia osoari ondo etorriko zaiona.
Txiiooo
Agintariek diote ezin dela baiezko edo ezezko batera sinplifikatu auzia. Alabaina, aukera ez bitarren aldekoak ez daude ados: bai, erantzuna da «ez».
txio
Hegazti isilak dira pareta-txoriak.
txioooo txio-txio
Alta, lurraldea babesteko egiten dute kantu.