[PODCASTa]: Ez denean ere

Da sortzeko patxada. Da lehen liburutik bigarrenera ahaztua izateko beldurra. Da pieza bakarra. Da kantu bati hamaika forma emateko jolasa. Da akorde trabatua eta sintetizadorea, biekin obsesionatzea.

Da instant bat frame batean. Da izerdia. Da, erdizka, dantza-plaza hustu aurretik heltzea. Da errimategia lantzea. Da belaunaldi berriak agertokia hartzea. Da poza. Da 60 urteko ibilbidea. Da sei urtera, tatarrez, prekaritatez lepo zaudelako uztea. Da badabilena. Da ez etsitzea. Da ekitea. Da tematzea. Da antzezlan bat ikusteko hegoaldetik iparralderako bidaian nahi baino fikzio gutxiegiko muga gurutzatzea. Da mendikate bat. Da hartzea eta ematea. Da artistaren lana edo langilearen artea. Da kultur politika sendorik gabe bizirautea. Da kultura gabeko kultur plan bat. Da bizitzea a cappella. Da poesia queerra. Da poema bat irakurtzeko komuneko eserialdia luzatzea. Da estresa. Da terapia kolektiboa. Da terapia ordaintzeko beste ez ateratzea. Da inprobisazioa. Da marraztea, ahal denean. Da hiru urtean zortzi ipuin. Da bi urtean ehun emanalditik gora. Da urtean behin euskarazko pelikula batekin ez konformatzea. Da iaz, gutxienez, euskara hutsean sortzen duen 1.952 kulturgile agertzea komunikabideetan. Da hamasei dei galdu. Da bi bolo bariku gabaz. Da agenda huts bat. Da kobratu gabeko hilabete luzetan autonomo kuota kontrako eztarritik. Da iruzurgilearen sindromea. Da sariketa baten laidoa. Da film bat, gutaz mintzo dena. Da proposamen bat. Da fandango baten osteko arin-arina. Da liburu-denda txiki bateko hitz eta pitz hori. Da iritsi nahi eta ezina. Da elkartzeko bulkada. Da Plateruena. Da edozein kafe antzoki. Da kontzertu bateko sarrerak ez agortzea. Da promes egitea. Da politeista. Da azoka formako lau eguneko pluralaren arrakala. Da bastarta. Da garenaren oraina. Da larrialdia. Da dabilen pentsamendua. Da mila eztarri batera eztandan lehertzen. Da gaztetxe bira bat. Da erresistentzia. Da periferiako kulturgilea gonbidatzea ahaztu duelako damu den programatzailea. Da Kanbodiako enbaxada eta Bihotz museo bat zerrenda berean. Da zuritasunean ahots beltz bat. Da entzutea. Da beste tote bag bat ez, mesedez. Da ez isiltzea. Da komunak askotan garbitu eta erratza sarri pasatzea. Da herrigintza. Da entsegu gelan errepikatutako pleibak bat. Da jausi bitartean kanta daitekeen doinua. Da kultura hila eta biziaren bidegurutzea. Da transmisioa. Da gorputz askorentzat etxe bat norberarena. Da euskal kultura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!