Koinofoboak

Hala moduzko zutabe bat idazteko arrazoiak aitzakiak:

- Ekainaren lehen astea igaro da eta oraindik ez dituzu sandaliak hiru egun jarraian jantzi, joe… Atxis! Non dira gramineak? Hotzez egiten duzu doministiku aspaldian.

- Klimarentzat ona izango da, baina berdin-berdin kolapsatuko du Golkoko itsaslasterrak AMOC zer den albisteetan azaldu baino lehen.

- Mikroplastikoak aurkitu dituzte ez bakarrik esperman, baita plazentan ere: ai plastikoa, egun batean, bilakatu zen bizigai…

- Etsiak jota zoaz udako edenaren promesa iparrorratz, ekaineko azken asteetan irakasle burumakurrak nola zeu ere goizero termo bete kafe eskuetan hartuta…

- Joder, ahaztu duzu ia irakasleen klubekoa zarela zeu ere (ia zerbait izanda konformatzea falta, besterik ez).

- Bizitzak daraman abiaduran etzi ohartzen da bat gaur non egon behar duen; hori edo 2025erako sarrerak erosteko orgatxoaren ilara begi-bistan.

- Oporretako planak egin bitartean jarraitzen duzu Palestinako genozidioaren haria, kanpin denda berria erosteko ireki dituzun dozena bat fitxaren atzean ezkutatzen den arte gerra.

- Zer prezio dute sandiek?!

- Beste angustia batek asaldatzen dizkizu niniak bilatzailea ireki orduko: kontsumoa, algoritmoak, neurozientzia, adimen artifiziala eta eskuin muturra.

- 6 dei galdu dituzu.

- Mezu anonimoak heldu zaizkizu azken egunotan, hiruzpalau, zelan zauden galdezka; trafiko zuzendaritzaren datu-oste masiboa izan daiteke, edo bizikleta erosi baino garestiago saldu nahi dizun espekulatzaile txikien errepublikako kidearen enegarren iruzurra.

- Mundua pikutara doala dio zure burmuinaren eskuineko hemisferioak eta une berean ezkerrekoak urgentzia biziko utopiak formulatzen ditu.

- Kriston gogoa sartzen zaizu Bookingen alokatu daitezkeen piszinadun etxe guztietara txangoak antolatzeko, Instagram orri bat sortu horietan ilegalki sartu eta bertan kaka egiteko denok koordinatuta eta masiboki.

- Pipipipipipi…. afaria prest da, nahikoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!