Tunel bat

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2024ko ots. 9a, 08:30

1848an eraiki zen iberiar penintsulako lehen trenbide tunela Kataluniako Montgat udalerrian. Egonarri gutxi orduan ere eta behar baino lehen inauguratu zuten zuloa. Adi: zaldiek tiratutako bagoiekin. Ezin tren-makina ingelesak iritsi arteko bi hilabeteak itxaron zinta mozteko. Txutxua, presa.

Sorpresa. 2024an iragarri berri da Elorrio eta Arrasate artean eraikiko duten 830 metroko tunela. Bihurguneak kendu eta Kanpazar gaina gainditzeko proiektua. Hara mapetan erregela jarri eta errotuladore permanentez lerro zuzenak egitea maite duen jendea. AHTaren trenbide tunel pare bat handik, beste hau hain gertu. Herri proiektu baten amaiera dela diote albisteetan.

Benetan da herri proiektu bat aireportura 40 minututan heltzeko, edo beste era batera esanda bost minutu aurrezteko, Udalatx azpitik azpiegitura erraldoi bat eraikitzea bizi dugun krisi ekosozialaren erdian? Txu txuuuu.

Tontorrera igota, bete-betean sinesten dut ederra dela gure herria lanbroak dena ezkutatzen duen egunetan. Azukrezko kotoi mantua desagertzean, ordea, egia geratzen da begi-bistan. Atx! Zer bihotzeko zarrasta herri sarreran eraiki dizkiguzuen biaduktuen artetik igarotzen garen aldiro. Min eta, berriz, zaurietan erresumin.

Zuloak tapatu nahian kotxea garbitzeko tuneleko fitxak oparituko dizkigute akaso martxa honetan. Azal lodia eta esku zikinak garbitzeko premia. Estilo horretakoa da orainaren kontrako lotsagabekeria. Mozorrorik gabeko altxamendua.

Noiz arte megaproiektuen inauteria?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!