Beste peaje bat, bidesariz betetako eguneroko digitalean. Ezinezkoa da honezkero sarera konektatzen garen aldiro norbere datuekin negozioa egin nahi duen bilauren bat parean ez aurkitzea. Ezinezkoa da, kontrakoa posible bihurtzeko ariketa diseinatzen eta esperimentuak praktikan jartzen hasi arte behinik behin.
Erbibidean ere bada nondik hasi. Erabiltzaileok —hau da, zu eta ni bezalako jende arruntak— haien atarietan nabigatzen ahalik eta denbora gehien igarotzeko garatu diren aplikazioak blokeatu ditzakegu: sare sozial guztiak itzali, berdin Netflix, HBO edo Amazon, jokoak, apustu digitalak zein pornografia atariak.
Kontua ez da akaso Whatsapp desinstalatu eta profila ezabatzea. Horiek etengabe eta nahieran eskura izan baino, denbora tarte eta espazio konkretu batzuetara mugatzeko ariketa proba genezake. Arreta (eta datuak) nori eta noiz eman geuk erabakitzea. Jakinarazpen leihoak irekitzeko tarteak agendan markatzea; eguenero kirola egitea aukeratzen dugun determinazio eta diziplina berarekin, adibidez.
Hara minimalismo digitala. Autolaguntza kiratsa darion kontzeptua izan daiteke, baina autozaintzarena ere baden bide kolektibo baten hasiera izan liteke. Maximalismo logikoa.