Prekaritatearen beste aurpegi bat da funtsik gabe gelditzean ikerketa proiektuak etetea. Dirua lortzeko lehia estuaren araberakoa izango da hegaztien migrazio azterketa esaterako, eta jakingo dugu —edo ez— ea espezie gehiagotara zabaltzen ari ote den haien kumeak tamaina egokiko zizarez elikatzeko ezintasuna. Aldaketa klimatikoa eta biziraupena bera ere ez baitira nahikoa ikerketa zientifikoa segurtatzeko.
Prekaritatearen sarrerako atea da doktorego eskola, unibertsitateko ikasketen gorengo maila, gutxieneko soldatarekin sokasaltoan ari den beka sistemari lotuta dagoen lanbidea. Gainera, autoesplotazioa ongi ikusia den eremua da honakoa, eta berriki frogatu da doktoregaien osasun mentala gainontzeko herritarrena baino zaurgarriagoa dela. Presio eltze baten barruan ohartu orduko egosten zaituen bidea da doktoretza, zertarako ari zaren erantzuteko gai ez zaren puntura arte.
Prekaritatearen nibela handitu duen maniobraren emaitza izan da aste honetako EHUko ikasturte hasierako argazkia: agintariak irribarre zuri distiratsuz pankarta eskutan azken murrizketak salatu dituzten langileen aurrean, unibertsitateko ordezko irakasle batek gehienez ere 800 euro irabaziko baititu aurrerantzean. Lanaldi osoak lanaldi partzialekin beteko dituzte. Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (USLO) aginpidea dela diote, ezin dutela ezer egin.
Prekaritatearen planifikazio baten aurrean gaudelako sintoma da, halaber, lege horren beste mandatu bati men ez egitea. USLOk dio unibertsitate publikoak BPGren %1 jaso behar duela, eta EHUk %0,4 baino ez du sostengu.
Prekaritatearen frogagiriak sobera honezkero sistema publikoan, halere hona azken bat: lan on bat aurkitzeko lau bider aukera gehiago dute euskal unibertsitate pribatuetako ikasleek.
Prekaritatearen kalitate-indize gorenak bikaintasunezko opari-paperetan bilduta. Herritarrentzako mehatxua argi: (unibertsitate) publikoaren aurka datoz.