Euskal Herritik etorri gara gutxienez bi dozenatik gora eta, gainontzekoekin batera, ingelesez jasotzen dugu elkarren iker lerroen berri. Duda-muda eragiten dizun bla-bla. Halaxe, ideofono baten gisa bizi baituzu fenomenoa. Sentsazio bat transmititzen dizun soinua da. Eleanitza izan arren —edo elebakarra ez zarelako hain zuzen— hizkuntza ezberdinetan zaren izateekin borroka konstante bat bizi duzulako: zein hautatu? Zertarako? Noiz? Nola? Eta, batez ere, zergatik?
Kafe kikararen alboan oinez doan marigorringoa bezalakoak gara hemen bildu garenak, oskol laranja jantzita beste orbain batzuk ezagutuz geureak eta unibertsalak diren agoniaren korokak elegantziaz desfilatzen ditugun izaki ahulak. Diz-diz egiten digu zauriak. Halere, komunitatean arnasa irribarrez hartzen duen masa alaia ere bagara. Eskerrak. Iluntzeak, jendearen ageriko ilusioak eta garagardoak ezabatzen du une batez ahaztea komeni ez den beste guztia.
Hizkuntza bat desagertzen da bi astero.