«Euskaraz hobeto moldatzen diren 195.000 hiztun dauzkagu (%7), bi hizkuntzetan antzera moldatzen diren 222.000 (%8) eta beste guztiak, 2.230.000, erdaraz hobeto moldatzen dira (%85), nahiz eta horietako batzuek euskara ere jakin» (Iñaki Iurrebaso). «Horren guztiaren aurrean bi aukera dauzkagu: hitz-erdika jarraitzea edo eraginkorragoa izango den bide bat eraikitzea; estrategia berri bat diseinatzea» (Ibai Zabala). «Erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua» (Iraitz Lazkano). «Jakin behar da zergatik dauden hizkuntza gutxituak eta zergatik dauden hizkuntza nagusiak. Ez da kasualitatea, eta tartean beti dago boterea: botere politiko-militarren eskutik joaten dira hizkuntza nagusiak, eta hizkuntza gutxituen kontra jokatzen dute, botere ekonomiko-politiko-militarrik ez daukaten komunitateen kontra» (Iñaki Martinez de Luna). «Herriek hitza dute» (Koldo Izagirre). «Gogoratu hizkuntza aniztasuna eta gure nortasuna lotuta doazela» (Beñat Garaio).
Sarea pil-pilean azken asteetan. Euskararen inguruko irakurketak hamaika. Kezkatzeko datuak zutabea betetzeko adina. Arretaz jarraitzeko hariak ere bai, Manex Agirrek soziolinguistikaz astero argitaratzen dituenei egin kasu, hala norabide berri baterako ponentziei: Urbia lainopean egonda Aizkorriko tontorrera nola irits gaitezkeen azaltzen du Jon Sarasuak bi orduko bideo batean —«sintesia» deitzen dio berak—.
Erreferentzia zinez interesgarrien artean ezin itaunari eutsi: non daude euskararen gogoeta gune diren plazetan emakumeak eta gure begiradak?
Auzia ez da sareko algoritmoak hobesten duen ikusezintasun patriarkala. Ausentziak ez du azkura eragiten. Batari eta besteari esleitzen diogun agentzia erakusleihoa bezain desorekatua da sarri, eta gizon pentsalariengan bilatzen dugu oraindik iparra.
Batzuk —gehiegi— bizi daitezke trikua esnatu dela ohartu gabe, komunitatea bere osoan aintzat hartu gabe. Hikikomoriak zuentzat, antigonak guretzat.