Sarea pil-pilean azken asteetan. Euskararen inguruko irakurketak hamaika. Kezkatzeko datuak zutabea betetzeko adina. Arretaz jarraitzeko hariak ere bai, Manex Agirrek soziolinguistikaz astero argitaratzen dituenei egin kasu, hala norabide berri baterako ponentziei: Urbia lainopean egonda Aizkorriko tontorrera nola irits gaitezkeen azaltzen du Jon Sarasuak bi orduko bideo batean —«sintesia» deitzen dio berak—.
Erreferentzia zinez interesgarrien artean ezin itaunari eutsi: non daude euskararen gogoeta gune diren plazetan emakumeak eta gure begiradak?
Auzia ez da sareko algoritmoak hobesten duen ikusezintasun patriarkala. Ausentziak ez du azkura eragiten. Batari eta besteari esleitzen diogun agentzia erakusleihoa bezain desorekatua da sarri, eta gizon pentsalariengan bilatzen dugu oraindik iparra.
Batzuk —gehiegi— bizi daitezke trikua esnatu dela ohartu gabe, komunitatea bere osoan aintzat hartu gabe. Hikikomoriak zuentzat, antigonak guretzat.