Google norbere hizkuntzan konfiguratuta izan arren, hainbat erabiltzailek salatu dute Katalunian eta Euskal Herrian bilatzaileak gaztelerazko edukiak erakusten dituela katalanaren eta euskararen aurretik. Twitter sarean herritar andanak kargu hartu dio @Google kontuari, eta erantzun dute saiatuko direla konpontzen, baina denbora beharko dutela. Bitartean, Euskarazko Wikipedian egunero ia 93.000 ikustaldi izatetik 70.000ra pasa gara.
Science aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean diotenez, lehen 250 izar ikusten genituen lekuan orain 100 ikusten ditugu, eta XXI. mende amaieran bospasei baino ez dira begi-bistan agertuko. Argiaren kutsadura handitu ahala izarrik ikusiko ez duten belaunaldiak datoz. Ez dezagun euskararekin poluzio bide bera onartu.
Zer egin? Ikasi buruz eta praktikatu egunero bost urratseko eskuliburu honen azken bi puntuak: 1-Konfiguratu euskaraz zure telefonoa/ordenagailua (eta gainontzeko gailu digitalak). 2-Konfiguratu euskaraz ohikoan erabiltzen duzun nabigatzailea. 3-Hautatu euskara zeure hizkuntza gisa bilaketa hobespenetan. 4-Erabili: galdetu euskaraz. 5-Pantailan agertzen zaizkizun emaitzetatik hautatu euskaraz dagoena.
Bonus track: egin protesta!
Bizigaien amatatze aro honetarako armatzeko tenorea da.