Zenbat lur bizitza bakarrarentzat.
Po-po-pooooooo. Autoak bereganatu du zure arreta: po-poooo, pooooo! Rickshaw bati ari zaio imintzioka gidaria haiena soilik den xextran. Kolore mosaiko bat duzu alboan. Tarrat moztu dute sari bihurtzeko oihal laranja. Hor doa mugikorrari oihuka hitz eginez gizon bat. Beste bat. 12 kontatu dituzu. Arrautza kaxak dozenaka aurreko mostradorean; ekilibrioan, bizirik kaiolatan sartutako oiloen gainean. Kakaraka eta zalapartaka. Danda lurrera zabor poltsa bat. Gora begiratzean kortina horixka baten azken punta baino ez duzu ikusi. Izerdi usainak hartu du dena. Eta sirena. Ni-no-ni-no-niiiiii-nooooo. Ustel kiratsa. Barruraino. Balantzaka eta zorabiatuta karrika zaratatsu eta gainpopulatutan.
Zenbat lur behar da hainbeste bizitzarentzat?
8.000 milioi biztanle zenbatu dituzte Lur planetan —tartean %0,0125 zorioneko euskaldun—.
Lurra tonutik irtendako bozgorailu bat da.
Gehiegi gara bizi garen bezala bizitzeko.
Larregi.