Kulerotan zaude, eta kulerotan neurtzen duzu eguna, izerditutako eta aldatutako kuleroetan. Izan zitekeen dutxa hotzetan ere. Halako batean, bururatu zitzaizun moskitera bat egoki nola muntatu perfekzionatzen pasatzea beroaldia. Azala haginkadaz josita duzu, baina barrua lasaitzen laguntzen dizu eztenkadak amaitzeko posibilitatearen arteak. Lo eskaseko gauak dira hauek, edozertarako kapaz sentitzekoak.
“Inertzia termikoa” bilatu duzu halako batean bilatzailean, ea ba ote den giza gorputzak galtzen/gordetzen duen hotza/beroa jakiteko erregistrorik, sentsazioa duzu-eta ez zaizula inoiz tenperatura jaitsiko. Lo egiten saiatuko zara halere. Unibertsoaren ikuspegi sakonena erakusten duen argazkiari begira, adibidez. Hondar ale baten tamaina ordezkatzen duen irudia asteko albisteen artean, hondo beltza eta puntu argitsuz betea —egia esan, ilun eta haserre txiki-handien eztanda txinpartatsuz lepo sentitzen duzu zeure burmuina ere, lanaldi luzeegiko eta oporraldi laburregiko tarteen artean gatibatutako langile orok bezala—.
Beste notizia pizgarri bat: Euskal Herriko 12-13 urteko gazteek ez dituztela bertako animalia eta landare espezieak ezagutzen ondorioztatu dute EHUk eta Aranzadik elkarlanean egindako ikerketa batean. Helduok akaso bai, ala? Kapaza zara aldaketa klimatikoa eta biodibertsitate galera azaltzeko? Jarri naiz, azterketako umeak bezala, bertoko 10 landare espezie zerrendatzen: aizue, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.