180 gradu

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2022ko mai. 13a, 10:00

Kotxean zatoz lanetik, zebra-bide eta stop dioten seinaleekin denbora negoziatzen, espaloietan aurrera eta atzera gurutzatzen diren bizitzei so. Benetan bizi ez dituzten errealitateak imajinatzen dizkiezu gorputz orori, baikorra izan ohi da zure besteekiko epaia.

Ez duzu uste izaten oinezko horrek ez dakiela, adibidez, ortu bat atontzen. Zu zara, Jakoba Errekondok Barruan Gaude podcastean esan bezala, lurra lantzen ez dakielako kultua ez den bakarra. Obsesioek jandako kaletar ezjakina. Begira hari, badu piperrak eta tomateak bereizten dakienaren traza. Biribilgunetik ateratzear zaudela erabaki duzu hurrengo semaforo gorrian bilatuko duzula mugikorrean letxuga bat balkoian nola landatu.

Hara bestea, kablerik gabeko aurikularrak jantzita zuganantz korrika datorren neska gaztea. Seguru berak ez duela kirola egiten bizitza kapitalista hau jasateko neurotransmisore bila, ezta lodifobiari eskutik helduta gorputz argal eta gihartsu baten desiraren esklabu delako ere. Askea dirudi. Udako iragarki bateko protagonista. Badu korrikalari planta. Tipi-tapa. Aurrez aurre aurkitu ditu bi gizon kontrako norantzan, hizketa bizian, eta lekua egin diote pasa dadin. Badoa. Ez hori bakarrik, ordea. Bietako batek begiekin jarraitu dio, 180 gradu, burua erabat biratu arte, neskaren ipurmasailak nolakoak diren buruz ikasi nahiko balu bezala. Disimulurik gabe, egun argiz eta jendez zein autoz betetako kalearen erdian.

Normaltasun ageriko horren biolentziak eztandarazi dizu baikortasuna.

Orduantxe erabaki duzu kode zibila aldatzeko sinadura bilketa abiatzea: «Nik nahi dut edonork izan dezala lizentzia kalanbrez bihurritzeko moduko deskarga elektriko bat egiteko publikoki zuen barrabiletan».

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!