Urtea hastearekin batera, eta bazter guztietan KPI igoera aipatzen eta nozitzen ari garela, etxe jabearen deia espero duzu, alokairua errebisatzeko. Ez duzuna espero da astearte batean telefonoa hartu eta hilero 50 euro gehiago ordaintzeko eskaera jasotzea: %10 gora hilabete batetik bestera, hartu edo utzi zeuk ikusi.
Eskolakide bati ere gauza bera gertatu zaio, eta azala beste kolore batekoa dutenek gaitzago dute oraindik. 900 euro eskatu zaizkio familia boliviar bati Elorrion etxe bat alokatzeko, horixe arrazismoaren plusa aterpearen ukazio espekulatibo honetan.
Asko igo dira etxeen prezioak azken urteetan eta epe luzeko maizterrak ez gara errentagarriak. Soldataren herena kostatzen zaigu bizi garen eta zaintzen dugun etxearen alokairua, baina hilero-hilero transferentzia automatikoz hutsik egin gabe ordaintzea ez da nahikoa. Alokatzaileek gehiago irabazi ahalko lukete alde egingo bagenu. Gure bizitzak bost axola.
Idealista izatea beste gauza bat zela uste genuen, ezetz diosku Internetek: Durangaldean hiru etxe baino ez daude alokagai—nork egingo du etxe hutsen errolda bat?—, merkeena 850 euro hilean, 65 metro karratu. Ia-ia gutxieneko soldataren parekoa da alokatzeko etxe askoren prezioa gurean. Postal polita.
«Ez ezazue dirua alferrik bota eta eros ezazue etxe bat». Denon eskura ez dagoen beste enpresa bat. Halere, nahi ez duenak ere erosi du azkenean. Alokatzea baino merkeago bihurtu baitute erostea. Bankuak pozik, eta gu haserre.