Ozeanoaz bestaldeko albisteek gozatu digute, urte samin hau amaitu aurretik ozta-ozta, goizero mendebaldean zerbitzatzen den azukre gabeko kafe garratza: ezkerra gailendu zaio eskuin muturrari Txileko hauteskundeetan. Lepo bete dira hiribideak, eta milaka eztarrik batera abestu dute. «Gorri da ekiaren goiza, igarri du datorren bizitza. Zutik, altxa, herria aurrera. Hobea da iritsiko dena!». Duela 48 urte indarrez ezarritako neoliberalismo basati eta biolento hau arrakalatu daitekeela dioskue, ireki direla berriz ere pasabideak, jende librea pasatzeko, jendarte hobea eraikitzeko.
Historia errepikatu egiten dela diote maiz, eta gezurra dela esatea ahazten dute.
Aldaerak ez baitira berdinak.
Abiapuntu berri bat da istorio bakoitza. Erabaki bakoitza. Arrakala bakoitza. Aldaketa bakoitza.
Argiak bide egiten duen garaia da neguko solstiziotik aurrerakoa. Igaro da egunik motzena. Hemen da desira partikularrez osatutako biharamuna. Esperantza izpi bat albistegietan. Aurki gaitzala argiak koilarak erreplikarako prest.