EZ (U)DA

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2021ko ira. 17a, 08:30

Uger egitea terapeutikoa da. Atseginez zoazenean, arnas eta besakada akonpasatuan, ia-ia oharkabean 40 luzeko kilometroa gainditzean. Martitzen batean, adibidez. Astinaldi bat urrutiko hondar alez pla-pla datozen piszinako betaurrekoei, hor dirau udak oraindik. Ez luze. Errealitatearen hare arrea filtro urdin artifizialeko kristaletan. Ez dizu astirik eman tapoiak belarrizuloetan sartzeko. Alboko errailetik notizia: atzerrian bihotzekoak jota hil den herrikide gazteegia —efimeroa izango ez den hotzikara—, bere buruaz beste egin duten bi —heriotza-arrazoi nagusietako bat da gurean suizidioa—, eta bilaketa handi bat —helikoptero, txakur eta guzti—. Fatalitatea, tristura, nekea, abandonua, noraez sistemikoa. Denak aste bakarrean. Eta zu igerian. Takikardia eta takipsia kolpean: bihotza arin, pentsamendua azkar. Nola egiten da uger ito-pasada betean?

Urgentea da bapatean biharko utzitako dena. Faltan sumatzen duzunari deitzea. Gustura sentiarazten zaituztenez inguratzea. Ezagutu nahiko zenukeenari ate bat irekitzea. Edo leiho bat. Balkoi bat, lore eta guzti. Hondartzan biluzik pasa duzun egun bakoitzean buruko marasma-habiak nola askatu diren oroitzea. Masailezurra estutu gabe lokartzea. Bizkar-uzkur baino lepo-tente bizitzea. Zaren bezala. Hori nahikoa delako segurtasuna jantzita. “Zelan” galderaren aurrean “ez ondo” edo “ez dakit” erantzuten hastea, “aldatzen” zaudelako. Baikortasun dogmatiko batez esnatzea. Begietara begiratzen duen jendea. Mosuak. Besarkadak. Intimitate erradikala, konplexu gabea, naturala. Egunsentiak mendian, lotsagorritzeko iluntzeak eta lagunak. Herri galduak, plater goxoak eta ezezagunak. Udako kantua buklean. Edo deitu maitasuna.

Urgentea da bapatean uda balitz bezala bizitzea.

Ez (d)uda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!