Ume izoztuak

Iragarkiak aldatu dizkidate udaberrian. Ea zenbat asteko haurdun nagoen jakiteko merkatuko makila fidagarrienetatik, obuluak izozteko kliniketara. Ez didate eskaintzen tesia amaitzeko sei hilabeteko egonaldi bat, ezta lan egonkor bat, ezta 500 euro baino gutxiagoko alokairu bat... ez, hori ez.

Bi kanturen arteko publizitateak dakar galdera: ez dituzu zure obuluak izoztu nahi? Ze pertsona klase zara? Pentsatu birritan, badoaz eta aukerak komun zulotik behera. Atzera bueltarik gabekoa da hirugarren hamarkadako minutu bakoitza. Hileroko kopa bete guztiak dira orain ama izateko aukera galdu bat. Ama izateko ekarri baininduten mundura, zertarako bestela? Inoiz desiratu ez duzun fetu baten errua ere bota baitizu aurpegira iragarkiak (barka, iragarki segidak, iragarki jazarpenak: hau ez bada biolentzia azal diezadala norbaitek min hau).

Publizitate algoritmoak identifikatu du pantaila atzeko erabiltzaileak umetoki bat daramala bere barnean, eta erabaki du erabili egin behar duela ezinbestean. Galdetu gabe ea hala nahi duen, edo ea orain saiatu nahi duen, saiatzen ari den, denbora asko al daraman nahi eta ezinaren gatazkan, nahi gabeko abortutan amaitzen diren saiakeratan, osasun arazoren bat duen, ugalkortasun arazoren bat, erreserba obariko nahikoa, edo esperma lortzeko aukerarik ba ote duen eskura. Are, ama izateko modu bakarra balego bezala.

Bizi dugun eta zeharkatzen gaituen sistema honekin bateraezina den orainaldi biologikoa geroratzeko izoztu ezazu ume bat izateko posibilitatea zero azpitik 196 gradutan. 2.000-3.000 euro artean bitrifikatu obozitoak lehenbizi, eta urteroko 300 bat euroko mantenu kuota ordaindu gero etorkizuna programatzeko. Ea, ze zakil kuadrillak antolatu du hau horrela? Atera zuen iragarkiak gure obarioetatik eta utz gaitzazue bakean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!