Zain dago. Bart gauean Netflixen duela gutxi estreinatu duten Worn Stories seriearen azken atalaz aritu dira gustuko duen Twitch kanalean, denek azaldu dute haien bizitzako jantzi berezia zein den. Berak ere badu kamiseta gorri bat, logotipo handi bat daukana paparrean, seguru sentiarazten duena. Eta sexy. Gaur bezala. Zain dela egin du selfie bat, eskua gora, plano pikatu lirain baten bila. Erreakzioak nahi ditu. Instagrameko txat leihoetan aktibatzen diren jakinarazpen gorrien segidak berotzen du. Baina zain dago. Berak jaso nahi duen mezuaren zain. Bitartean Tik Tok ireki du. Bada challenge bat aste honetan, bere lagun guztiek egin dute dagoeneko: pailazo filtro bat jartzea da erronka eta gisa horretara norbere bizi erabaki lotsagarriak kontatzea edo pailazokeria intimo absurdoren baten berri ematea. Zer kontatuko duen erabaki zain dago. Ez daki. Eguerdia da eta bateria agortzear dauka, berriz. Mezu bat pantailan: — Bazatoz? Erantzuna idatzi du arrapaladan: — Laster (eta bihotz hegalari bat gehitu dio alboan). Ea non karga dezakeen albait arinen. Zain dago.
Wasim da bere izena. 16 urte ditu. Sirian jaio zen, baina batzuetan ez daki nongoa den. Hiru ordu daramatza ilaran. Kara Tepen, Lesbosen, errefuxiatuen esparruan. Zaporeak elkarteak Euskal Herrian bildutako esnea eta fruta jaso zain. Ia bizi osoa darama zain.