?

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2021ko ots. 12a, 08:10

Zer ezkutatzen dute agerian daudenean maskaren atzeko izaki horiek guztiek? Harrabotsa baino ez darie aho estaliei erreberberazio akustiko mingarri honetan? Nortzuk dira? Aho-zuri, aho-urdin, aho-paper, aho-kotoi, aho-garden... denak ahozabal? Edo aho uhal?

Ume pandemikoek ikasiko ote dute noizbait dakusatena prozesatzen? Nor diren eta nor garen aditz taulez harago bereizten? Ikasiko ote dute arrakaletan ahots-korden ahots-hariak sintonizatzen? Edo oraina den gero hontako haur guztiak ahoak itxita jaioko dira ZIRRIBORROAK ETA GERO bildumako Kintsugi ipuinean bezala? Ezpainak itsasita? Alternatiba eta utopien etorkizuna irudikatzeko gaitasun eza disimulatzeko?

Noiz hasten da ume bat bere buruarekin hizketan? Klasera joatean azalduko dio irakasleak lezioa? Klasifikatu gabe, klase orori berdin? Edo dena berdin, klasea betiko mataza izan dadin? Eta inork irakurriko du eskola birtualetan testu libururen bat? Edo akaso giza burmuinen memoria digitaletara deskargatuko da Wikipedia? Ez da daturik beharko? Jakintza beste osagarri bat bihurtuko da? Jantzi eta eranztekoa? Irrealitate hori ez dator bat errealitate honekin, ezta?

Negar ez egiteko jartzen dizkieten pantailetan jendeak elkar ukitzen duen bitartean haiek zergatik ez dituen inork ukitzen galdetzen duen haurtxoari zer esan? Mosurik gabeko mundu batean zeintzuk dira plazebo plazerak? Otsailean loratzen diren mimosak? Neguko itsasoak? Perimetro barnean olaturik ez dela ahazteko bisitatzen diren pistinak? Logaritmo batek ez ote luke hobe antolatuko maskarada hau?

Nork ezabatu du «zentzua» hiztegitik? Google ere ez da sen ona bilatzeko gai? Zero emaitza urrunegi dago Zero COVID estrategiatik?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!