Lasaitasuna inokulatu nahian, hasi da esperimentua. Test azkarren mirakulua. Hiztegi pandemikora gehitu kontzeptu berria: antigenikoa. Erraza, arina eta merkea. Ez horren fidagarria, baina berehalakoa. Fede zientifikoa frogatzekotan dira musika jaialdi eta kontzertu gune sonatu bat aurki. Bueltan da izerdia?
Gurean, berriz, areto asko programazio gabe ditugu oraindik, eta laster gara kafe antzoki gabe. Dardarka (Durangaldeko) euskalgintza eta kulturgintza. Izerdiz lortutakoaren ebaporazioa. Ba ote da tragedia hau diagnostikatzeko test azkarrik?
Homeostasiak izendatzen du, kanpoko aldaketen aurrean, organismo biziek beren parametro biologikoak konstante mantentzeko duten joera. Bada, termorregulazioak huts egin du hemen. Krak. Izerdi hotza sentitzen dugu kopetan, izerdi-lika. Eta erregulatzen hasteko unea da: ohikora itzultzeko testak ez dira nahikoa. Iragana ez zen horren ederra. Distopia, kolapso eta apokalipsiek ez gaituzte etorkizun hobe batera eramango. Hauxe da bizitzea egokitu zaigun garaia, eta orainaldi hau bizitzeko modukoa eginez soilik joango gara etorkizun are bizigarriagoetara. Homeostasia utopikoak imajinatzeko eta praktikatzeko urtaroa da.