Zuriak gara beltzen artean

#BlackLivesMatter ez da Spotifyko kantu zerrenda bat. A! Itxoin, bai, hori be bada! Kapitalaren musika merke eta oportunoa ozen errebolta handirako. Iraultza azalean dezibelio altuan sentitzeko. Katxondo jartzen gaitu suak, ezta? Zuotako zenbat bihurtu zarete egunotan norbere etxeko pantera beltz? Plataformen kapitalismoan #blackouttuesday egiten hasita, Zara ere batu da kanpaina biralera: We stand for equality lotsabako bat. Elitearen zuriketa. Morea, berdea edo beltza. Ortzadarraren kolore guztiak garbitzeko prest. Edozer da zuria lixiba apal guztiak hustutako herrian.

Esna gaitezen behingoz: justizia soziala ez da premium harpidetza bat legez erosten. Ez dago hilean 9,99 euroren trukeko arrazakeria gabeko jendarterik.

Eta euskaldunok ez gara salbuespen. Normal eta normatiboki arrazista gara gu ere.

Oso arrazista delako Eroskiko harategian lan egiten duen neska beltzari zure 100 gramo indioilar gatz gabe erdaraz eskatzea zure aurreiritzi bildumak euskararik ez dakiela diotsulako.

Eztabaida, beraz, ez da gure horma digitaletan orban beltz bat argitaratu bai ala ez. Benetako auzia, merkadoteknia kanpainez harago, errotuta dugun ekidistantzia sasineutrala alboratzea da. Problema problematizatzea. Norbere egitea. Entzutea eta ikastea. Ikusgarri egitea eta posizionatzea. Pribilegio zuriaren talaia erosotik altxatzen hastea.

Ez dago, inolako esfortzurik gabe, gure marko mentalak garbituko dituen lixibarik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!