Jolasaren formula: egunero partida bat (bakarra), eta zenbat eta azkarrago asmatu, hobeto. Astelehenetik igandera, hamar galdera egun bakoitzean. Asko jota, bizpahiru minutuko gozamena.
Jokoaren arauak: dibertsio hutsalaz gain, zer edo zer ikasteko ere balio digun ariketa. Banaka jokatzen dena, eta taldean parteka daitekeena (etxekoa, lagunena, lankideena, herrikoa... zenbat taldetan zaude?). Birtualean aritzen gara, baina ahoz aho ere aipatzen dugu, eta aurrez aurre egin zuten azken denboraldiko finala. Erabat inklusiboa da, gainera; baldintza bakarra: hizkuntza ezagutza.
Olgeta baino gehiago den app bat: gure mugikorren pantaila erdaldunetan egunero euskarari irekitako leihoa, eta baita ia beste inon existitzen ez den Euskal Herri baten gorpuztea bistaratu eta biziarazten duena. Beste era batera esanda, hizkuntza normalkuntzarako eta kultur transmisiorako aplikazioa.
Baina... zenbat gara? 60.000 lagun bai gutxienez. Gutxi? Asko? San Mameseko aforoa + beste 10.000 lagun, oraingoz. Eta... zenbat izango gara? Gutako bakoitzak beste pare bat laguni botaz gero jolaserako erronka... atera kontuak! Egunean behin... festa ederra!