A eta B

Oihalezko poltsa lepoan hartuta, fruta-dendatik irten da A. Orduantxe sartu da B. Elkar ezagutzen dute. Ez hainbeste. Nahikoa begirada zorrotzez elkar epaitzeko. Bi emakume. A eta B.

A. Haurdun dagoela dakienetik dauka herri osoa begira. Denak bere bularren transformazioaren lekuko. Sabelaren mutazioaren zain. Edan gabeko garagardoen brigada polizial. Kolektibo egin aurretik aktibatzen da kontrola. Begiak, belarriak eta mihiak dantzan. Intimoa bezain publikoa egia. A-k badaki. Ez zaie deus inporta gaur egungo elikadura eredu hiper kutsatuak eta super higiene hipokondriakoak eragindako jakien ukazio zerrenda nola bizi duen, edo ama onena izateko erlijio garaikidean izena emateko presioaz zer uste duen: urdaiazpikoa izoztu-kirola egin-tesi bat idazteko beste irakurri. A-k segurtasun bakarra dauka: herri osoak izango du bere haurdunaldiaz edozer eta edozelan esateko atrebentzia.

B. Bakarrik bizi denetik dauka herri osoa begira. Pluralean bizitzeko egina den mundu honetan aditzarekin singularrean dantzan. Erruduntasun froga. B-k badaki. Ez dakiena da jaio zenean zituen bi milioi obuluen zifrari zenbat zero geratzen zaizkion gaur. Ez daki erabili nahiko dituen. Ez daki noiz erabakiko duen. Ez daki zergatik ez duen inork ezbaian jartzen zer zentzu daukan gainpopulatutako planeta honetan norbere oinordeko biologikoak erreproduzitzeak. B-k segurtasun bakarra dauka: ingurukoek ama izatea erabakitzean gainontzekoak ere geratzen dira apur bat haurdun, baita amatasunaren iraungitze biologikoaren arora fundamentuzko orgasmo ez erreproduktiboak agenda batean zerrendatzen dituela igaro den bera ere.

Biolentziaren beste bi aurpegi. A eta B. Erosketa berbera fruta-dendan: mandarinak eta normaren antinorma izateko ausardia. Horra hor iraultza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!