Agurra eskizofrenikoa zaigu diosal eta despedida hitz beraren doinu direnean. Onegiaren aieruari agur. Okerreko galgak ez ezagutzeko, agur. Oihu batek dakar agurra, edo isiltasuna bihurtzen da berez agur bat. Esan nahi ez diren agurrak ere badaude. Esan ezin diren agurren alboan. Esango ditugun agurren altzoan. Beldurrak dio agur usu, beldurrari ere agur egiteko. Ausarta dela ezin uka agur esateko adorea.
Mundu guztiarekin ongi gelditzea ezinezkoa dela konturatuko zara zioten duela 25 urte. Profezia bete da mende laurden eta gero. Soinua zarata bihurtu du distopiaren saldoak, eta horrela ezinezkoa da utopiaren akordea entzutea.
Aste honetan, adimen artifizialak bukatu du Schubert-en zortzigarren sinfonia “amaitugabea”, eta inoizko audientzia marka guztiak hautsi ditu bideo-joko batean Marshmello DJak eskainitako kontzertu birtualak: 10 milioi entzule. Gurean, inork ez ditu Lekunberriko taldeak beste sold out egin jarraian (dozena bat aste bakarrean); konplexu ikararik gabe, euskaraz. Fenomenoak xaxatzetik fenomeno bihurtzera dagoen aldea.
Tristura nabari da, keinu partikular gisa, azken zuzenekoen egarri diren partituretan. Azken sarrerak, soilik lekuko izateko kondena epaia ezagun denean. Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna. Orobat, musika. Ez dira berri txarrak, ez. Berri Txarrak dira.
9 lan estudioan, bilduma bat eta dokumental bat
111 abesti
58.687 hizki
9.939 berba
2.500 berba ezberdin
10 hitz erabilienak: eta, bat, nahi, egin, zure, dut, esan, izan, dena, ere