Trap(u)a

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2018ko abe. 7a, 08:30

Zaharrak trapuak dira. Ez trapa. Gure zaharrek ez zuten trapik ezagutu. Gaurko umeentzat trapa izango da noizbait zaharra. Gure belaunaldi gazte honentzat Lekeitioak bezala, mundura ekarri gintuzten urte hartan berritu baitzen herri honen doinu zaharra, guk orduan ez bat eta ez beste erabaki ez bagenuen ere. Sasoi hartan Youtube existitu izan balitz herri auzi bilakatuko ote litzateke Laboaren orroen egokitasuna?

Datu bat: asteko, hilabeteko eta urteko euskarazko bideo ikusiena da «Klika KORRIKA 2019» (Iturria: tbx.eus). Hori esanda, orain, sermoia. Ez nolanahikoa, gainera. A zer erretolika gure oi lur hereje hontan...

Antza, adibidez, kantua Huntzak egin izan balu lasai legoke asaldatuen oldea. Salbu lirateke orduan gure ume guztiak, eta haurrei abestia irakatsi beharrean diren irakasle gaixoak.

Ez daukat ezer soinu txikiaren aurka. Kontrara, nahiko nuke neure gaztetako mila koloretako Larrinaga Guerrini hura abileziaz astindu gaur ere. Alaitz eta Maider izatearekin egiten genuen amets guk, pentsa! Hori bai, ez genion amets bati bakarrik jarraitu. Betidanik izan gara politeista eta infernu zale. Probatuta autodefinitu baikinen eklektiko: triki-pop, rock, folk, bossa nova, berdin jazz, eskas ez reggae, sarri punk eta gaur, plazer handiz, baita trap ere.

Periferiak ardatzean jartzea dakar Klikak. Aldatzea. Ausartzea. Iraungo badugu, berrikuntza, transgrezio eta iraultzarako imajinarioz soilik iraungo dugu. Batzuek ulertu edo ez. Bandera trap(u) bat da haizerik ez badabil. Tra tra!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!