Akuario bihurtu dugu itsasoa eta bertan preso hartu gizatasuna. Ontziek, egun berotan, gizonak arrantzatzen dituzte, emakumeak, umeak. Egun hotzetan hilotzak dakartzate itsasertzera. Oraindik bizirik bada, ukatuko diegu lehorreratzea. Mugak zarratzea onena. Ez daitezela sar. Eta autobus geltokitan noraezean askatzen dituztenean eraiki dezagun zoo bat. Geure egunerokoen gotorlekuetan gatibu sentitzen garen animalia zaurgarriegiak gara migrazioaren ispilura so egiteko.
Kaiolatan sartzen ditugu atxilotu ahala, eta bihozgabe ebazten dugu beraien biharko argia edo iluna, asiloa edo deportazioa. Mare Nostrum deritzana da boteredunek jabegoan nahi ez duten bakarra —itsasoa sikatuko lukete kapazak balira—. Goi bileren esku arma eta harresi negozioa. Guri isiltasuna baino ezin zaigu egotzi.
Egoaren hegoa ea nork-nori-noiz ebaki zain gaude partida anker honi begira.
Mundu zail bat da txoriena, zioen Mikel Laboak, eta neuri bere Agonia baino ez datorkit gogora. Zenbat amets akabatu ditu gaurdaino mundu aldrebes honek? Zenbat bizi kondenatu urertza irudikatuta ortzimugan itotzera? Mediterraneo inguruan ugari diren kardantxiloek ere ez dute arranguraz bizi nahi, askatasun intziria da aditzen dena, hilzorian denaren azken garrasia da enarek dakartena: Ma non vivere di lamento, come un cardellino accecato.
https://www.youtube.com/watch?v=NwVtZdxrAlU
(Eskultura: Fredik Raddum)