Balazta

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2018ko api. 20a, 09:30

Azelerometroek ezin dute gure munduaren abiadura neurtu. Azkar baino azkarrago bizi gara. Hiriek zenbat eta tamaina handiagoa, oinezkoek orduan eta abiadura lasterragoa. Diotenez, azken hamar urtetan, %10 hazi da gure joan-etorrien abiada. 

Konpas ezberdinetan bizi gara sasoi bateko belaunaldiak eta oraingoak. Lehen, argazki-kameran klik egin eta errebelatu arte zain egoten ziren, itxarotearen artearen maitale ziren. Guk, ordea, ziztu bizian daroagu pentagramen klabea. Unean bertan, berehala, bat-batean, horixe araua mundu zabaleko konexio orotan. Pentsa, badira Youtube-ko bideoak azkarrago ikusten hasi direnak ere: 1,5x edo 2x arinago, abiadura gehiago behar ei dute ez aspertzeko. Hiperestimulazioaren jokoak gatibatu gaitu. Like/share/follow bakoitzak dopamina txute bat dakarkigu, eta neurotransmisorea elikatzeko eguneraketa konpultsibotan joaten zaigu eguna. Korrika bada ere, pitin bat hemendik eta beste apur bat handik, ahalik eta gehien geureganatzeko. Badaezpada. Mugitu. Ez dezagun ezer gal. Agudo.

Bizitzak azkartu ditugu, zurrunbiloan, zerotik etengabeko serotonina produkzio geldiezinera. Hala ere, batzuetan paralisiaren eta frenesiaren arteko belaunaldi sentitzen gara, trantsizio bat baino ez. Horregatik demodé zegoena berreskuratzen da erantzun kolektibo alternatibo moduan. Esaterako, detox digitala. Koordenatu garaikidetara egokitu nahian gabiltzan izaki erromantikoz osatutako zibilizazio nostalgikoa baino ez gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!