Okupazioa, autogestioa, elkartasuna, ekologia, internazionalismoa, euskara, feminismoa... eta egunez egun marraztu da ordutik piraten txalupako bela koloreztatu duen borroka berri bat. Mamuak badaki, korrontearen kontra baino, lur berrien defentsan diharduela ameslarion haizeak: gure bizitza askatzeko alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzeko gune askea baita gaztetxea.
Gaur, Anderrek tomateak ekarriko ditu eta Leirek ortuan batutako tipulinak. Endika bere etxeko hozkailuan dituen solomo xerren bila joango da, eta Garik patatak dakartza gurasoen teilatupetik. Maddik postrerako zer edo zer bilatu bitartean, Ametsek frijituko du otordua, eta azken orduan hurreratu denak egin beharko du harrikoa.
Horixe Elorrixoko gaztetxearen 30. urteurren festara iristeko formula. Nork beretik, eta elkarrekin, utopiak laztanduta ulertzeko ekarpen txikien handitasuna, kolektiboa osatzen duen norbanako bakoitzaren berezitasuna, eta ia antzemanezinak diren uhinek eraginda sortzen diren olatuen eraldaketarako indarra.
Gora errebeldia, askatasuna eta eraldaketa!
Zorixonak Elorrixoko gaztetxeari!