Neuk, ordularien sekuentzia apurtzeko sortuko diren egun beroetan, tarteka, irakurtzeko idatziak izan diren hitzak izango ditut bidaide. Bidean amaitu gabe utzitako narrazio liburuak izango dira lehenak, hautsaren bakardadea arintzeko asmoz mesanotxean ditudan ezagunak.
Historiaren iragan hurbilean kokatutako kronika aukeratu dut lehen orritik hasteko: Berriak jaio ginen. Jon Maia lehen pertsonan mintzo zaigu apurketaz, bertsolaritzaren tradizioaren eta modernitatearen arteko talkaz, baita jardun artistikoaz edota identitateaz ere.
Iragan hori geroan baliatzeko asmoz, Joxe Azurmendiren Hizkuntza, nazioa, estatua saiakera gorde dut gogoetarako. Halaber, euskararen indarberritzearen inguruko kezka dugunok badugu beste zer irakurri: Berriak asteon kaleratutako Euskararen bilakaera soziolinguistikoa udako seriea kasu.
Aukeraketa erabat pertsonal eta partziala duzu hau; lerrootara ekarri ez ditudan letrak ere izango ditudalako bidaide. Emakumezkoen lumak ere existitzen direlako, bestelako generoak ere atsegin ditudalako eta euskarazko egunkariak maite arren, erdaretan bazka egitea ere merezi duelako.
Zeuk erabaki oporrak zerekin bete. Bueltan kontatuko dizkiogu elkarri gozatutakoak: aurki ezazu irakur nazazu diotsun hori, eta Fibonacciren sekuentzia eder batean bezala batu eta gehitu plazerak!