anboto.org

Kabitu-ezin

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Bip-bip. Galdera heldu da Whatsapp taldera: zer figura geometrikorekin lotuko zenukete bertsoa? Pertsona beste erantzun: laukia, piramide oktogonala, borobila, neurriaren araberako X aurpegidun poliedroa... Ez gara ados jarri, bertsoa ez da forma zehatz batean kabitu.

Geometria gorputzen tamaina, itxura eta posizio erlatibo zein espaziala neurtzeko asmatu zen. Eskura genuena matematikaz betetakoan, ezezagunak zaizkigun distantziak eta altuerak neurtu nahi izatera igaro ginen. Neurgarria ez dena ere neurtzera. Ulergarritasunaren estalpe bila, ideia ulertezinekin kabitu ezinda.
Horrela pasa ote ginen dena sailkatu eta zehazteko premia sentitzera? Bizitza galderaz itotzera?

Momentuan kabitu-ezinak garamatza ordulariko segundoak emeki aurrera egiten dutela ikustera, joan badoan denboraren kontzientzia hartzera. Bitartean, esku artean dugun orori galderak iltzatzea dugu denbora-pasa: zergatik? Noiz? Nola? Zer gara? Zer izan gintezke? Noiz arte? Ahaztu egiten dugu bizitza ez dela etorkizunean kabitzen.

Gorputz zein formen propietate metrikoen zorroztasunean ezin geure bizitzak kabitu; bai, bertsoan, pertsona beste errima eta doinu konbinazio dituen metaforan. Bat-batekoak unea baino ez baitu buruzagi, horixe inposizio: uxatu beldurrak, alboratu galderak, erabakiak hartu, uneko olatuaren kulunkan dantza egin eta sortu eztanda. Ahaztu kabitu-ezina, bihurtu bizitza bertso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa