Martxoan ere bada eztabaida: - M5ean Lilatoira noa! - Mmmm... emakumeak bakarrik? Milaka emakume bilduko gara Lilatoian, bai, 5.700dik gora hain zuzen, eta iaz baino 700 gehiagok eman dugun arren izena, oraindik ez gara hainbeste ere. Mesede egingo digu gainera Donostiak, eta goizean goiz izango da lasterketa, eguerdirako hiria garbi egon dadin. Marapiloa eramango dut nik bidaide ziurrenik domekan sabelean; zer sentitzen ote da estreinakoz horrenbeste emakumerekin batera taupadak sinkronizatzean?
Martxoan, Durangaldean, emakume-trans-bollerak bilduko dira Frenorik gabe bizikleta martxan. Morez jantzita, gizon eta emakume elkarrekin berdintasunaren sokan galapan Lilakrosean zein Milla morean.
Martxoan kontua ez da albokoak aluak jatea edo zakilak miazkatzea atsegin duen epaitzea, ezta enpresaburua fededuna, punkia edo beganoa ote den galdezka sailkatzea ere.
Martxoan ere mina soberan dugu. Miraririk ez dela gertatuko badakigu, horregatik, den-denok blaitu behar gaitu feminismoak.
Martxoan ernetzen da udaberria, erdi aldera berdintzen dira gaua eta eguna: orekak esna harrapa gaitzala! Masaje hutsa izan ez dadin aurtengoa. Makillajea kenduta ere maiteko baitugu martxorik gabeko egutegia.