Udazkena ari du

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2016ko aza. 25a, 08:40

Berdetik horira, laranja gero, gorrixkara heldu eta marroi amaitzeko. Osasuntsu zena siku-siku geratzeko. Erortzea dute patu. Haizeak emigrarazten ditu hostoak, ala ufadak ote dira orri solteen bidaia-txartel?

Zapaltzerakoan egiten duten hotsa atsegin dut, kiribiltzerakoan eragiten duten sinfonia, hankak hosto artean murgiltzearen sentsazioa, urrats bakoitzean berritzen den kolore paleta. Oharkabean aldatu direla ohartzearen distira.

Tapiz ederra osatzen du udazkenak gure herrietan, eta itogarri zaizkidan hiriek ere bizileku direlako ilusioa pizten didate jantzi berriz agurtzean. Azala aldatzen du paisaiak, inguruak edota norber(e aldarte)ak: udazkena ari du.

Udagoieneko haize indartsuak sortzen didan bizipoza azaldu nahi nizuke, bufanda jantzi eta beroki beroarekin egindako lehen ibilaldiak eragiten didan plazera, mendi bidexketako saturazio festaren indarrak maitemintzen nauen unea, leiho lausotu edota lurrunduek gordetzen duten zirrara, eta zenbat maite dudan, kalerako ostera alboratuta, etxean bero goxoan geratzea erabakitzen dudan lehen asteburua.

Udazkena ari du orduan, baina ni zoriontsu naiz nire egongelan, mantapean, berogailua lehen aldiz pizten dudan egunean.

Udazkena ari du orduan nire bizilagunaren etxean ere; aldiz, han, hotza da eguneroko hotsa. Marroia da bere aldartea, gorria kontu korrontea, laranja alarma egoera, eta geroz eta berdeagoa pobrezia energetikoa.

Udazkena ari du eta, hemen, denok ez dugu faktura ordaindu ahal izateko pribilegioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!