Kirol kazetaritza ala pito kazetaritza?

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2016ko eka. 3a, 08:30

Gizonez betetako erredakzioetan sortzen dira gizonen kirola hizpide dituzten albisteak. Batzuetan, denbora tarte txiki bat soberan bada, orduantxe hitz egingo dute diktadura ez diren kirol diziplinez edota emakume kirolarien markez.

Buztan edo alu, izerdi tanta guztiak dira pareko; aitzitik, izerdia ere ez dugu parekide.

Aurten, Bera Bera eskubaloi taldeak Liga, Kopa eta Superkopa irabazi ditu. Ziurrenik izango da berria lerro hauek irakurtzean ezagutzen duenik. Erakundeen harrera apala jaso dute, bai, eta prentsan ere epel -ez pentsa tinta asko xahutu denik-.

Athletic futbol taldeko emakumeek, berriz, Championserako txartela eskuratu dute. Gabarra lo eta kaleak hutsik, baina liga irabaztear daude. Albistea zeukaten emateko: ez zen kazetari bakar bat ere agertu prentsaurrekora. Hori bai, gero, pasadizoa argitaratu zuten komunikabideek, lotsagabe.

Aldiz, batzuetan, argi izpi bat agertzen da gure herri kirolari honen gailurrean. Aste honetan ireki dute Anboto Kilometro Bertikala probako izen-ematea, eta promozio bideoan nabari da mimoz zaindu dutela parekidetasuna. Halaber, Nafarroako Camille Extreme mendi lasterketak, igande honetan, urtez urte proban aritutako emakume guztiak omenduko ditu.

Baina beste kazeta bat sortu beharko dugu tankera horretako albisteak irakurri ahal izateko. Noizko kirol bazka anitza? Noiz arte ikusgarritasun miopea? Eta dena pito bat ez daukagulako; ez pito bat balio ez dugulako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!