50. Durangoko Azoka

Pasa DA!

Durangoko Azoka posible izan dadin ikusten ez den herritar askoren lana da ezinbesteko baldintza. Egunotan, har ezazue denok merezi duzuen atsedena; eta, hemendik, Euskal Herrian noizean behin bizi ditugun oasi horien parte den ekimen honetan ezagututako inurri fin guztiei nire esker ona.

 

Eguzkia agertu baino lehenagoko goizeko ordu freskotan kotxea hartuta hurbildu gara Landakora; bueltan, berriz ere gauez, Durangoko kaleak parrandaz lepo utzita, lo apur baten bila itzultzeko etxera. Luzea eta laburra izan da, bizia eta intentsoa. Ateak irekitzetik ateak ixtera doazen 105,5 ordu horiek milaka segundoko bizipena eraiki dute -horietako bakoitza gordeko dut barnean-.

 

Bakoitzak beretik jarduten duenez, niri, komunikazioa aipatzea dagokit. Baina, beti ere, nolabaiteko komunikazioa gerta dadin, pertsonak dira oinarria; beraz, lan-taldea hartuko dut hizpide. Izan ere, talde zoragarriaren ondoan aritzea egokitu zait, eta horrek, lan karga eta nekea ere irribarre batez gozatzeko aukera eman dit, begi-zuloen edertasuna estimatzeko oparia. Plazerra izan da zuekin ekitea: beti horrela balitz, infernura ere hurbilduko nintzateke zuengana! BejonDAigula!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!