Astero, zeuregana, agenda txiki-handi-zabal-estua zukututa dator Anbotoko kolaboratzaileon letra zukua.1.500 karakteretan gutako bakoitzak berea: aldika gazia, apika geza. Edonola ere, kariñoa da denon lanabesa.
Musutruk dihardugu hemen. Debalde euskalgintzan. Doakoa behar du kulturak. Euskarak, sarri, ez dauka preziorik; kontsumoak ez baitu eragiten presiorik.
Hemen, elkarlanak egiten gaitu herri. Bakoitzak berea jartzen du soroan: denbora, ideiak, dirua, eskuak... Euskaldunok asmatu ditugu crowdfunding eta crowdsourcing. Termino anglosaxoiek dakarte azken aldian bedeinkapena; guk, aise, eutsiko diogu tradizioari.
Zer da, bada, borondatezko lana? Ahuldade, aiene, bizirautearen izurrite? Edo, hala ere, uzta oparoaren indar, adore, bizitzaren birsortze?
Kulturan, herritarron borondatezko lanari zor diogu ekoizpenaren hazia. Enbrioiaren ernamuina halaxe agertzen da agertokira: mimoz eta sosik espero gabe landatua. Horrela, aleak heldu, eta mende erdian onduta dator, aurten, Durangoko Azoka. Estreinakoz, bere tripak ezagutu eta bere bihotza arakatzeko aukera izango dugu, hain zuzen, boluntario jardunda. www.durangokoazoka.eus webgunean “Boluntariotza programa” du izena: elkarlanaren kultura; elkarlanean, kulturgintza.