Etxe bat baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2015ko eka. 26a, 08:30

Zenbat gauza pilatzen dira etxe batean? Zenbat kutxa behar dira etxe-aldatze bat egiteko? Zenbat esku batetik bestera lekualdatzeko?


Zenbat hitz ezkutatzen dituzte paretek? Zenbat barre? Zenbat negar? Zenbat, zenbat, zenbat... bizipen?!
Eraikin bakarrean gurutza daitezke ehunka pertsonen begiradak. Eraikin bakarra izan daiteke horien guztien bizitzen lekuko; lehen urratsetik azken hatsera arte. Biderkatu bakarra den hori eta egin berreketa; esponentziala da gehiketa.

Diruaren sokak urkatzen gaitu egunero, eta kapitala ez da asetzen familia osoak estalpe gabe uztearekin. Era berean, politikaren sokak ere etxe hutsen erroldan izena ematera batu dira; frankisten oinordeko den txotxongiloen orkestrak sententziaz mozorrotu du egun argiz eta denon bistara egitera doan lapurreta masiboa.

Legea eta justiziaren arteko arrakala sakontzen profesional dabiltza; urratsez urrats, amaierarik gabeko zulo beltza eraiki dute. Erroak ustelak dituenak ezin bestelako usainik hedatu.

Kolpez kolpe ezabatu nahi gaituzte, hala ere, eskubide zibil eta politikoak ez dira lurruntzen; aitzitik, indartuta egiten dute aurre. Hain zuzen, erantzun horretan batzen direlako herritarrak, elkarrekin. Bilgune horretan, gutako bakoitzari eskua luzatzea dagokigu, eta denok, maila berean, parez pare jarrita erantzutea.

Mugarik ez da elkartasunerako, ezta konpromisorako. Hemen argi dago muga egutegientzat soilik dela; ez baita berdina “aro berria” han edo hemen.

Atzo, gaur, asteburuan eta aurrerantzean ere: #HerrikoakLibre.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!