#ZuZaraMorralla

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2015ko api. 24a, 08:30

Zaborra, hondakina: Erratzaren zain dauden kafea gozatzeko azukre poltsa huts mordoa. Mukizapi ugari alergikoaren etxean. Galtzerdi zikinen pilotak arroparen poltsatik at. Eskuko poltsaren barrenean barreiatutako tabako xehearen arrastoak. Motxilan, berriz, bart jatea ahaztu zitzaizun platano biguna. Horra, morralla.


Jendilajea: Euskara erasotzen duten behe-mailako pertsonak. Ezjakintasuna ohore gorena bailitzan haizatzen dutenak. Gutxiago jakiteaz harrotzen direnak; ez jakitea existentziaren definizioa edo kultura altuko jende klasearen etiketa bailitzan. Mendia zein De Andres abizen gabe ere, eurak bezain xenofobo direnak. Horra, morralla.

Bide malkartsua dugu aurretik; beraz, has gaitezen egutegian gertuen dugunetik. 30 egun besterik ez dira falta udal eta foru hauteskundeetarako. Badator, berriro, morralla.

Azken urteak euskarari dagozkion diru-poltsak hala nola banatzen eta edozelan justifikatzen kontzientzia lasaitu dutenek entzun gaitzatela. Ilusioz eta lan egiteko gogoz agintaritza postuetara aurkezten direnek ere hausnar dezatela. Herri honek gauza asko behar ditu bai; inolaz ez, morralla.

Jokatu erantzukizunez. Konplexuak hondakin bihurtu. Hizkuntz-politika erdeinuz gobernatzeari utzi. Froga ezazue, behingoz, euskahaldunak ez garela menpeko perpausa. Porlanezko lanak irudikatu eta egiten beste ordu pasa itzazue euskaraz bizi den herri bat eraikitzen. Egiten duguna gara. Ausardia erakutsi, euskara lehenetsi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!