Zentzumenak

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2014ko eka. 27a, 08:40

Ikusmena Zenbaki eta ehunekoen zopa zifratu gara haientzat. Urte luzez, ilusioz ikasitakoak etxekoentzat. Formakuntza eta lana uztartuz ezagutu gaituzte lagunek. Baina gazte langabeok, bizirautearen pisua dugu oihartzun. Gai gara, baina gaitza da.


Entzumena
Aditu ditugu bizi dugun “garaia” izendatzeko hiztegi berria egin duten agintariak. Konposatu duten izurritea konpost bihurtuko nuke. Errefusak, baina, ezin bizirik erditu.


Usaimena
Esperientziaren kiratsak bustitzen zituen lan eskaintzak behinola, mila euro irabaztea pribilegio baino problema zen “garai” haietan. Usainduko balute gazteon lan egiteko, ikasteko, konprometitzeko eta ekiteko grina... baina paretak ere kakaz beteta dituzten komunak garbitzera legez, sudur zuloak itxita datoz gugana.


Ukimena
Pilatu ditugun tituluak laztantzea da diru-laguntza, beka eta enparauen ordaina. Baserritarrari erosi ezinda, tomate miserableak baino ezin eroan ahora. Nola bete saskia bertako produktuekin alokairuak ia ordainezin zaizkigunean?


Dastamena
Dastatu nahi nituzke bestelako herriak, baina ez halabeharrez. Maletak plazerrez soilik egitea erabaki dugu askok. Euskal Herrian eta euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu. Diagnostiko larria dauka aferak, ez da botikarik inon ageri.

Ekilibrioa solstizioarekin bat erre dugun ekilibristak gara. Orekaren dantzan emandako neguaren oinazeak erre gaitu. Eguzkia atera orduko sutu. Zentzumenak zorrotz. Akelarrea dator, etorriko da, ekarri beharko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!