Orduko terroristak demokratak dira gaur, inolako barkamenik eskatu gabe, damuaren definizioaz arduratu gabe. Haiek ere armak utzi eta bide politikoen alde egin zuten, aparatu politiko eta judizialen kanoiak polboraz ondo betez.
Eta guk terrorista izaten jarraituko dugu barkamena eskatu ostean ere. Klase kontuak konpai! Biktimak eta biktimak ei daude.
Lagunak, familiak eta gertukoak minez urratuta sentitzen ditugu. Ez da pose bat. Semea akabatu dioten amaren samina da. Laguna sententzia zain duenaren egonezina. Astebururo 40 minutuz bizi den gatibuaren itzala. Herrira 32 udaberriren bueltan itzuli denaren arnasa.
Noski, gure trintxeren beste aldean ere badira biktimak, zuloak. Baina ai... zulo pertsonal horien eskaparate publikoan ez du hotzik egiten, ordea; beroa da garailearen melodia. Eta gure aiton-amonen hiltzaile, torturatzaile, diktadore, zentsuratzaile eta lagunek, gezurrez jositako errelatoarekin enkantean aritu diren fartsante kriminalek, gure urratuak ezabatu nahi dituzte, minaren jabegoa pribatizatu. Aizue, ez dago reset botoirik. Kareak ez du memoria ezabatzeko ahalmenik.
Memoria ez digute domestikatuko, gure (h)istoria ez dute erraustuko. Iraganak dakar oraina, hauxe da geroaren bezpera: duela 77 urte bonbaz txikitu zizkiguten etxeak, gaur ez dute zulo zirrikitu bat ere irekiko gure memorian. Bide izkinak hilotzez beterik ditugu oraindik.