Baina joaneko bidaia horren lehenaldiak etorkizunera garamatzala usaindu nahi nuke. Agian neure ezkaratzean soilik gertatzen da, baina aizue, hemen kiratsak beste perfume bat hartu du.
Bazterrak desobedientziaz bete zaizkigula irakurri nahi nuke; esplizituki, inplizituki eta subliminalki. Gezurra litzateke. Eta gezurrak hanka motz.
Baina lurzoru emankor horrek kimu berriak erne ditu duela ez asko. Desobedientzia tresna zaharrari hautsa kendu eta eraldaketarako duen balio sinbolikoa zein den ikusi dugu. Tresna hutsa da, hala ere, erabiliko duenik gabe. Eta noski, sinbolismotik lorpenetara dagoen aldea gurutzatu beharra dago.
Norbanakoak batuta, eskubide sozialak kolektiboki landuta, errebeldia sozial kolektiboarekin egin dut amets gaur. Gaztetasuna izango da... diozu zuk irakurle, amestea bera inuzentearen gaitza balitz bezala.
Defentsiban urraturiko belaun haien gainean zutitu, eta artez, ofentsibari ekitea dagokigu. Sortzeko garaia da.
Ez itzultzeko joango diren egun berriak datoz. Horregatik, berriz ere, sukaldeko kako hutsa kolorez jantzi dugu. Eta obedituko (ez) dugun aurtengo egutegiak honela dio letra larriz: "Pertsona txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakete".